Historia

Eskola 1990ean sortu zen; urte hartan Ganberak "Goi mailako Marketin Eskola" izeneko proiektua jarri zuen martxan Rekalde Zumarkaleko egoitzan, enpresetan beharrezko zen eta unibertsitateko eskaintza tradizionalak estaltzen ez zuen profil profesionalaren eskaera betetzeko: merkatuen analisi eta garapeneko adituak.

Hauxe izan zen planteamendua: hiru urte ikasgelan unibertsitate mailako prestakuntza jasotzeko (nagusiki praktikoa eta materia osagarriak barne hartzen dituena, esaterako, atzerriko hizkuntzak edo informatika) eta praktika aldi bat enpresa batean, gaztea errealitatera gehiago hurbiltzeko.

1992an, ikastetxea beste egoitza batera eraman genuen, Aita Lojendio kalean Jesusen Konpainiari alokatutako lokaletara hain zuzen, horiek ere Bilboko erdigunean.

Lehen promozioa 1994 amaieran graduatu zen eta lan merkatuan lortu zuten integrazio mailak aurreikuspen baikorrenak ere gainditu zituen.

Lortutako arrakasta ikusirik, beste bi proiektu jarri ziren martxan helburu eta eskema berberekin baina profil profesional desberdinetarako: "Nazioarteko Merkataritzako Goi Mailako Eskola" (1994) eta "Industriako Antolakuntza eta Ekonomiako Goi Mailako Ingeniaritza Eskola Teknikoa", azken hori Bilboko Goi mailako Ingeniaritza Eskola Teknikoarekin (UPV/EHU) lankidetzan.

 

EHUri atxikitzea

Aldi berean, Ganbera harremanetan jarri zen Euskal Herriko Unibertsitatearekin ikasketak ofizial egiteko asmoz eta 1998ko udan, EHUri Atxikitako Ikastetxe izendatu zuten Ganberako Eskola.

Mugarri horren ostean, hiru Eskolak bakar batean bildu ziren eta bi izen eman zitzaizkion erakunde berriari: Bilboko Merkataritza, Industria eta Itsasketa Eskolako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola lehenik eta izendapen komertzial laburragoa, berriz, "Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola".

 

Instalakuntza berriak

2003ko irailean, Merkataritza Ganberaren prestakuntza instalazio berriak inauguratu ziren, Rekalde Zumarkalea eta Poza Lizentziatua kaleen arteko bidegurutzean eta hantxe kokatu zen Unibertsitate Eskola ere, hain zuzen proiektua hasi zen eraikin berean

 

Europako Goi-mailako Hezkuntza Espazioa

Europako Goi-mailako Hezkuntza Espazioa (EGHE) –“Bolognako erreforma”- sortzean Eskolak Enpresen Kudeaketa eta Marketin Gradua diseinatu zuen bere irizpideen arabera, eta berari eskaini zion bere bokazio eta esperientzia guztia.
Ikasketa Plan berria 2010eko irailean jarri zen martxan.